Historia

Sorrera

Getxoko udalerrian, 1.963 urtean, bederatzi familiak jarri zuten SAN NIKOLAS ikastolaren hazia, gela batean 12 ikasle, Begoña Abaitua andereñoarekin antolatu zutenean. Ez dago esan beharrik, familia hauen ahalegina eta ilusioa nolakoa izan zen. Izan ere, gela Algortako etxebizitza batean zegoen eta errekurtso ezak eta zailtasunak gainditzen ziren heinean proiektuak aurrera egin zuen.

1969ko ekainaren 11an, Lehen Hezkuntzako ikastetxe ez ofizial bezala onartua izan zen. 202 ikaslek osatzen zuten ikastola garai horretan.

1970-1971 ikasturtean San Nikolas Kooperatiba sortu zen eta urte horretan 3 urteko gela eratu zen eta horrekin Haur Hezkuntza zikloa.

1976-1977 ikasturtean batxilergoa egiteko aukera sortu zen eta haurtzaindegia eratzekoa. Honekin 2 urtetik hasi eta 18 urtera arteko ikastola integrala eratu zen. 1982-1983 ikasturtean Batxilergoa Getxo III zentrura lekualdatu zen.

1989-1990 ikasturtean haurtzaindegian  2 urteko ikasleen gela bi eratu ziren, Haur Hezkuntzan 11 gela eta Lehen Hezkuntzan 21 gela. Hurrengo ikasturteetan beherakada demografikoaren eraginez, ikasle kopuruan eragina izan zuen.

Gaur egun 16 urte arteko ikasleek kalitatezko formazio integrala hartzen dute ikastolan. Teknologia berriei eta atzerriko hizkuntzen formazioari aurre egin eta hainbat proiektu berritzaile (Ikasle laguntzaile, Hezkidetza...) lagunduta.

Honez gain, autobusa, jantokia, haurtzaindegia eta eskolaz kanpoko ekintza ugariz (multikirola, kirolak, dantza, pintura, musika, ingelesa, bertsolaritza…) osatzen da ikastolak ikasleei ematen dien eskaintza.